XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Meudon-en (Paris), Javier Landabururekin. Bizpahiru egunetarako joana zen Martin Parisera. (1938)

Ezagutzen nuen bistaz, Donibaneko Luis XIV plazan taldeka euskaraz hizketan ikusia.

Aurreratu nintzaion nire gauzak utzita, eta lagundu nion bere maleta handi bat garraiatzen.

Tolosakoa zen, Laskibar abizenez.

Nora zoaz, esan zidan.

Donibanera... Ni ere bai, baina nola?.

Nik ez nekien nola... Hark nik baino esperientzia handiagoa eta: Goazen herritxo horretara, hor automobilen bat egon daiteke eta...

Eta heldu ginen. Ez zen inor ageri.

Baina hasi ginen ate joka eta ireki ziguten bat.

Lagunak, automobil baten bila zebilela, ordainduko zuela ongi...

Dirua ere bazuen gizonak! Estuasunetan beti izan dut ondoan norbait laguntzeko prest, hau aitortu behar dut...

Eta laster agertu zen han beste gizon bat, lagunarekin bazterrean hitz sekretuak egin zituzten eta lagunak dirua jarri zion eskupean.

Bi minutu barru kotxea agertu zen, ez naiz koloreaz oroitzen, beltzaren susmoa badut ere, sartu ginen biok eta maletak, eta martxa handirik gabe, gizona arreta handiz zihoan bide hutsetik, urduri, isilik.

Donibaneko plaza hutsa zegoen.

Laguna, lagun ona, joan zen bere aldetik eta ni, gela hutsera; utzi nituen gauzak eta etzan nintzen lo hartu nuen arte.

Hurrengo goizean Plazara hurbildu nintzen.

Irakurri nituen paretean frantsesak pegatu zituzten abisu beltz batzuk, tinta beltz ofizialez irarriak, eta esaten alemanak zetozela, mesedez ez ezer egiteko, armistizioa sinatua zegoela eta onartuak zirela dagoeneko, eta abar.

Plazan ikusi nuen bakarra izotza saltzen jarri zen gizon bat zen.

Honek esan zidan San Juan eguna zela.

1940ko ekainaren 24a...

Bakardade isilean geundela entzun genuen Baiona aldetik, postetxetik barrena zetozela, motoak.

Mantso. Bi ziren.

Geratu ziren zubiaren aurrean (orduan zubia zuzenean zegoen Baionako bidetik aurrera plazaurrean eta gero Ziburu arte zuzenean).

Eta zubiaren hasieran atera zituzten Sokoa eta Hendaiara zeuden kilometro markaren aurrean argazkiak, oroimenerako, eta ezer esan gabe jarraitu zuten.